Giza eskubideei eragindako kaltea: izugarria

Medikua naiz lanbidez. Nire ibilbide pertsonalean esparru desberdinetan aritu naiz: politikagintzan, sindikalismoan, torturaren aurkako ekimenetan, pertsona presoen osasunaren aldekoetan eta, azken urte hauetan, batez ere, asistentzia klinikoan, Lehen Arretan, Osakidetzaren baitan.

Hontza elkartearen aurkezpen publikoan izan naiz, herri txiki honetan askotan gertatu den bezala, pertsona oso ezberdinak, oso posizio eta eremu desberdinetatik gatozenak, une jakin batean elkartu egin ginelako,  pentsamendu batekin eta kezka batekin. Kezka hori izan da (eta izaten ari da):

  • zein neurritan ari diren bermatzen momentu hauetan gure komunitateko giza eskubideak,
  • «pandemia»ren harira zer gertatu den eta zer sortu den gure jendartean, eta
  • zein tresna gutxi egon diren gure komunitatea babesteko, gure eskubide indibidual eta kolektibo horiek errespetarazteko.

Horregatik pentsatu genuen tresna bat sortu behar genuela. Oso tresna berezia da, oso pertsona desberdinen arteko proiektu bat, bakoitza bere esparrutik dator. Ni nire posiziotik ari naiz, eta nire posizioa medikuntzatik eta nire pazienteekiko asistentzia kliniko zuzenetik datorrena da.

Posizio desberdin horietatik, pentsatu genuen eskubideak bermatu egin behar zirela, eta hausnarketa  bat egin behar zela gizartean, pandemiaren hilabete hauetan zer gertatu den ikusteko, eta, batez ere, sortu den estrategiak nora eraman gaituen aztertzeko, eta zer egin behar dugun guk kolektibo bezala horren aurrean. Guk, gutxienez, pentsatzen dugu gure konpromisoa eta gure ardura hemendik aurrera zer egin behar dugun aztertzea dela, jendarteari tresna bat eskaintzen saiatzeko eta hausnarketa propio bat egiteko.

Gure ustez, oso beharrezkoa da ikerketa independentea eta iraunkorra egitea, eta, horretarako, nolabaiteko behatoki bat behar dugu, jendeak jakin dezan nora jo, bere eskubideak edo bere komunitatearen eskubideak bermatzen ez direla ikusten duenean.

Gure elkarteak hausnarketa propio bat egin zuen hasieratik, normala denez. Egiaztatu ahal izan genuen kalte izugarria sortzen ari dela giza eskubideetan Euskal Herrian. Krisialdi sanitarioa, izatez, jendartea beste parametro batzuetan jartzeko estrategia orokor bihurtu da, nolabait. Oinarri indibidual eta kolektiboak, poliki-poliki, desagertu egin dira gure komunitateetan.

Bestalde, hemen aplikatu den estrategia hori ez da propioa izan. Gure ustez, hemen, Euskal Herrian, une jakin batean erabakitzeko eskubidea bertan behera geratu zen, eta Estatuarekiko mendekotasun orokorra mantendu da, baita Europar Batasunetik etorri diren aginduekiko ere. Gure kultura, gure historia eta gure errealitatea kontuan hartu gabe inposatu da estrategia hori guztia hemen, eta orain ikusten dugu zeinen ondorio latzak ekarri dituen jokabide horrek.

Azkenik, kontuan izan behar dugu hau ere (eta hau ez da guk bakarrik planteatzen dugun hausnarketa): Espainiako Estatuko estrategia europar herrialdeen arteko okerrenetarikoa suertatu da. Ez da eredugarria izan, nolabait esateko. Are gutxiago; gure ustez oso-oso okerra izan da. Eta estrategia hori Euskal Herrian planteatu da aginte bakarraren menpean, eta kontuan izan gabe hemen badugula kultura propio bat, badugula identitate  propio bat, eta gure jendartean betidanik egon dela geure gauzak geuk erabakitzeko nahi bat.

Utzazu iruzkin bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude